top of page

Subiranotasuna(k) aztertzeko kongresua

SEH masterrak antolatuta, 2022ko azaroaren 17an ospatu zen Subiranotasuna(k) Aztergai Nazioarteko Kongresua, aldi berean Nazionalismoa Ikertuz kongresuaren hirugarren edizioa ere badena. Jardunaldi horretan, burujabetzen erpin ugariak aztertu ziren: estatugintzari eta naziogintzari lotutakoak, subiranotasun feminista, hezkuntza subiraua, eta abar luze bat.


Kongresuak bi ekitaldi nagusi izan zituen. Goizean Xavier Solano i Bello SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren aholkulari ohiak Eskoziako kasua aurkeztu zuen, Jon Azkune masterreko irakaslearen laguntzaz. Eta arratsaldean kongresuaren ekitaldi jendetsuena izan zen, masterreko bi irakasle, Jule Goikoetxea eta Joseba Sarrionandia, biak Euskal Herriko pentsalari ezagunak, aurrez aurre jarrita. Masterreko irakasle Estitxu Garaik gidatu zituen, ondoko galderari erantzun nahian: burujabe ala menpeko?


Horrez gain, sei komunikazio mahai izan ziren egunean zehar. 24 aurkezpen guztira, askotarikoak, gainera: SEH masterreko ikasleek beren lanak aurkeztu zituzten, ikerlari berriak eta traiektoria luzekoak elkarrekin izan ziren, kanpoko kasuei buruzko lanak (Quebec, Galizia, Zeelanda Berria), Euskal Herriari buruzkoak (Ipar Euskal Herria, “periferiak”), kirola, landa eremua, gazteria edota beste hainbat gairi buruzkoak, guztia nagusiki euskaraz.

Kongresuaren arrakasta abiapuntu hartuta, hurrengo urtean, laugarren edizioa antolatuko du SEH masterrak.

41 views

Comments


bottom of page