Subiranotasuna Europako Herrietan masterreko ikasleak Hernanin izan ziren urtarrilaren 23an, Kudeaketa jarduera berritzaileak: gobernantza eredu berriak izeneko irakasgaiaren baitan egindako bisitan.
Irakasgai horretan Euskal Herriko zenbait esperientzia aurkezten dira SEH masterrean. Aurten, ikasleak Hernanira hurbildu ziren, bertako Hernani burujabe proiektua ezagutzera. Xabier Lertxundi alkatearen aurkezpenaren ostean, ikasleek proiektua gertutik ezagutzeko parada izan zuten, Andoni Egiaren eskutik.
Ostean, eta irakasgaiaren egitarauarekin jarraituz, ekonomia sozialaren ereduak izan zituzten hizpide, Lanki ikertegiko Arianne Kareagaren eta OlatuKoop-eko Gorka Julioren aurkezpenekin.
Maiatzean irakasgaiaren bigarren zatia izango da, eta SEH masterreko ikasleek hainbat gai aztertuko dituzte eremu horietan aritzen diren kideekin: trantsizio energetikoa, subiranotasun teknologikoa, Euskal Herriko mugimendu feministaren diskurtso osaketa partekatua edota Ipar Euskal Herriko esperientzia berritzaileak, besteak beste.
Comments